XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hirian lehen eman dizut nik ere aukera - esan zuen Popeyek.

Zeuk hautatu duzu.

Templeren atzean musikak erritmoa markatzen zuen, soinu zoli eta iradokizunez beteaz; giroa oinen zaratak, giharre berotuen histeria linburkorrak eta haragiaren, odolaren usainak betetzen zuen.

- Jainkoa! Ah! Jainkoa - esan zuen Templek ezpainak ia mugitu gabe.

Banoa.

Itzuli egin nahi dut.

- Zeuk erabaki duzu - esan zuen.

Segi barrura.

Eskuak tinko heltzen zizkion Popeyek, beraz, honi txaketatik heltzeko bota zituen atzaparkadek behatz puntez ere ez zuten ikutu.

Piskanaka Temple aterantz jirarazi zuen, baina burua atzera begira zuela.

- Hobe duzu!- oihu egin zion Templek.

Hobe duzun bai....

Lepazamarretik helduz, altzairuaren gisakoak baina hotz eta aluminioa bezain arinak ziren behatz haiekin lepoa estutu zion Popeyek.

Bizkar hezurreko ornoak elkar estutzean egiten zuten karraska ahula eta Popeyeren mintzo hotz eta lasaia entzun zituen.

- Sartuko al zara?.

Buruaz baietz egin zuen.

Gero dantzan hasi ziren.

Oraindik lepazamarrean sentitzen zuen haren eskua.

Gelari gainbegirada bat bota zion Popeyeren sorbalda gainetik, aurpegi batetik bestera begirada arin txandatuz.

Beste gela batean, arku baten azpian, talde bat zegoen dado-jokurako mahai baten inguruan.

Alde batera eta bestera okertuz taldekoen aurpegiak ikusteko ahaleginak egiten aritu zen.

Gero lau gizonak ikusi zituen.

Ate ondoko mahai baten inguruan zeuden eserita.

Haietako bat txikle jaten ari zen; haren aurpegiaren azpikaldeak ez sinesteko moduko zuritasun eta tamainako hortzez josia ematen zuen.